Bezeroarentzako arreta 943336811



Erabiltzailea

Gure Produktuak

Erregistartu
Bilatzailea

Bilaketa moduak


Historia

Sagarrondoak eta sagardoak Euskal Herrian jatorria non duten datu garbirik ez dago, batik bat urteetan oso atzera egin beharko genukeelako. Jakinekoa dena da sagardoa izan dela Euskal Herriko edaririk ohikoena mende askotan zehar. Agiri eta aipamenik zaharrenak Jose Uria Irastorzak biltzen ditu Sagardoa liburu mardulean, eta berari eskerrak jaso ahal izan ditugu ondorengo datu eta aipamen historiko asko. Sagarra gure lurraldera nola iritsi zen azaltzeko iritzi ugari daude. Batzuek diote sagarra Afrikatik sartu zela Euskal Herrira, beste zenbaitek dio hazia migrazio-txoriek ekarri zutela ekialdeko lurraldeetatik, eta badira sagarra Euskal Herrian berez sortu ez bazen ere, aspaldiko garaietan kanpotik sartua izan zela diotenak ere. Sagarrak sagardoa berekin du eta honen inguruan badira teoriak diotenak, sagardoa arabiarrek ekarritako edaria dela, baina beste teoria batzuen arabera, erromatarrengandik ikasi zuten garai bateko euskaldunek sagardoa egiten. Iturburuaren berri garbirik izan ez arren, Euskal Herriko sagardoaren antzinakotasun eta garrantziaren berri ematen digute honoko adibide hauek:

XI. mendea

Euskal sagastien inguruan aurkitutako aipamenik zaharrena 1.024 urtekoa da: Damos y ofrecemos? en los términos de Hernani a la orilla del mar un monasterio que se dice llamar de San Sebastián? con las tierras, manzanales, pesqueras marítimas, etc. Hemendik aurrera ugari dira sagastiak, sagardotegiak eta dolareak izendatzen dituzten agiriak. 

Bertako jendeak idatziriko agiriez gain, badira garai bateko erromes eta ibiltariek idatzitako agiriak ere, Euskal Herrian ikusitakoa azaltzen dutenak. Horietako askok sagardoaren berri ematen dute. Idatzirik zaharrena XII mendekoa da, Aymeric Picaud Santiagoko erromesak idatzia. Frantzian barrena sartu zen Euskal Herrian eta bere idatzietan kexa azaltzen da Burdeosko Landes izeneko lurraldeaz, besteak beste ez ogirik, ez ardorik, ez okelarik eta ez arrainik aurkitzen ez duelako. Dax inguruari buruz, berriz, oso lur aberatsak direla idazten du, baina Euskal Herrira iristean ikaratzen da erromesa: toki beldurgarria dela irizten dio, hizkuntza ulertezina, ohitura traketsak, baso eta mendi itxiak eta ez ogi eta ez ardorik ez omen da; ez omen dago jakirik sagardoa eta ardoa kenduz gero. 

Gipuzkoako foruak

Ohitura eta usadio zaharrak lege bihurtu zirenean sortu ziren foruak, Euskal Herriko eta zehazkiago Gipuzkoako foruek mendeetan arautu eta defendatu izan dituzte sagarrak sagastiak eta sagardoaren salmenta. Sagarrondoak abere eta pertsonen erasoez babesten zituen araudia bada, edo sagarraren salmenta arautzen zutenak, espekulatzaileen esku eror ez zitezen. Sagardoaren inguruan horrelako dio foru arau batek: Se prohíbe también la introducción de sidra extranjera a menos que esto se haga después de consumidas las de la provincia. Horrez gain, ugari dira sagar eta sagardoaren inguruko tasa eta zergei buruzko agiriak ere, Foruak errespetatzeko Udaletan hartutako akordioak. Erdi aroan aipagarria da arrantzaleek sagardoarekin duten lotura: bakailao eta bale arrantzara Groenlandia eta Terranovara zihoazen arrantzaleek sagardoz betetako upelak eramaten zituzten barkuko sotoetan. 

Gainbehera Sagarraren garrantziaren gainbehera artoa sartzearekin etorri zen euskal lurraldeetan, sagastiei lurra jaten joan baitzen. Lurrik onenetan artoa erein eta sagastiak lur traketsagoetara baztertuak izan ziren. Hala ere, sagardoa gainerako edariak baino askozaz gehiago kontsumitzen zen artean ere. XVII. mendeaz geroztik, sagastiak asko murriztu ziren Euskal Herriko barnealdean. Hala ere, kostaldeko hiri inguruetan kontsumoak gora egin zuen mende hasieran, itsas jarduerak eraginda neurri handi batean. XVII. Mendean itsas jarduerak jasandako beherakadak kontsumoa jaistea ekarriko dute, eta gainbehera honetan artoaren kontsumoaren gorakadak ere badu eragina. 

XX. mendea

XX. mendean, Euskal Herriko herrialde gehienetan sagardo produkzioa ia ezerezera jaisten da, arrazoi bat edo besterengatik, eta Gipuzkoa da ohitura eta edari honi eutsi dion bakarra, besteak beste herrialdeak duen kokapenagatik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lanagatik. Foru Aldundiak Zentro eta eskola ezberdinak sortu zituen eta sagarraren laborantza egokiari buruz zenbait lan argitaratu, oinarrian probintziako sagastiak jasaten ari ziren utzikeriari aurre egiteko. 1930. urtetik Espainiako Gerra Zibilera arte Foru Aldundiak diruz lagundu zuen sagastiak jartzea.

Gerra Zibilak etenaldia suposatu zuen sagastien laborantzan eta sagardogintzan ere, eta gerra ostean, 1939an berriz ere sagardoa egiten hasi ziren baserrietako dolare gutxi batzuetan, miseria latzaren pean. Gudak gosetea du berarekin, eta sagardogile zaharrek dioten moduan, gosearekin ez da edateko gogorik izaten. Hurrengo hamarkadetan ere gainbeherak jarraitu egin zuen, sagardogintzak ez baitzuen etekinik ematen, eta 50. eta 60. hamarkadetan ere dolare asko bertan behera geratu ziren, sagardo munduko jendeak negozioa aldatu baitzuen. Bestalde, industrializazioarekin jendeak baserrietako lanak utzi eta tailerretan lan egiteari ekin zion, eta bigarren mailako lanak, sagastiak zaintzea eta sagardoa egitea, ia guztiz ahaztu ziren. Gipuzkoa izan zen, asko kostata, baina sagardogintza eta sagardo kontsumoa mantendu zuena.

Hurrengo urteetan Gipuzkoako sagardogileek berak, ESI taldea bezalako taldeek eta Foru Aldundiak egindako lanari esker, sagardo produkzioak gora egin du berriz ere, eta baita sagardoaren kontsumoak ere. ESI taldea lagun talde bat izan zen, Euskal Herriko sagastien egoerak kezkatuta berreskuratzeko lan egin zuena.


Hileko produktua

1,74 €


Erosi


Sagardo baloratuenak

Petri

Petri

Euskal Herriko Eusko Label sagardoa gure sagastietako inguruko baserrietako sagar barietateekin ekoitzia, 100% bertakoa, Hazi fundazioak kontrolatu eta ziurtatua.
 
Kolore horiska, fruta usainekoa, freskoa eta ahoan atsegina.

2,14 €


Erosi